Dot Kirolak

94 6550 033 info@dotkirolak.eus

Lau t ‘erdiko Master Laboral Kutxa asteburu honetan hasiko da Atxondon

Urriaren 30ean izango da goizeko 10:30etatik aurrera

Aurtengo txapelketan 65 emakumek hartuko dute parte

PILOTA| Datorren urriaren 30ean hasiko da Atxondon Lau t ‘erdiko MASTER LABORAL KUTXA. Urteko hitzordurik garrantzitsuena da eta guztira, 65 emakumek hartuko dute parte, horietatik 28 pilota mistoarekin lehiatuko dira. Pilota horrek ikuskizun handiagoa bermatzen du, eta gainerako 37ak pilota goxoarekin lehiatuko dira.

Txapelketa Atxondoko pilotalekuan hasiko da goizeko 10:30etatik aurrera. Lehenengo partida gazteen arteko Pilota Goxua 2. Triangeluarra izango da, eta ondoren, gazteen arteko bigarren pilota partida mistoa. Hirugarren partida batean Zabalaren eta Salsamendiren arteko Misto Elite jokatuko da, eta bukatzeko Garazi Agirresarobe eta Kattalin Fernandez Naroa Jaio eta Elene Garciaren aurka lehiatuko dira gomazko paleta partidan.

Aurtengo edizioa bi berrikuntza nagusirekin dator. Lehenengoa poz handia da, Laia Salsamendik atzean utzi duelako denbora luzez kantxetatik kanpo izan duen lesio larria eta LABORAL KUTXA Master honetan parte hartuko duelako. Lesionatu aurretik, Uharteko klubean hezitako pilotariak argi utzi zuen modalitateko promesarik handienetakoa zela eta ikusmin handia dago egungo espezialista onenen aurka eman dezakeen maila ikusteko.

Bestalde, Daniela Vargas mexikarra ere lehen aldiz lehiatuko da pilota mistoarekin, eta herrialde horretako eta Amerika osoko lehen emakumea izango da material horrekin jokatzen. Beraz, Amaia Aldaik inoiz baino lehia handiagoa izango du iazko txapela errepikatu nahi badu, besteak beste, Olatz Arrrizabalaga, Enara Gaminde, Miriam Arrillaga edo Leire Garairen aurka jokatu beharko baitu. Lehiaketa taula iazko rankingaren arabera egin da.

Atxondoren ondoren, Legutio, Usansolo, Okondo, Gordexola, Berriz, Galdakao eta Abadiño izango dira txapelketako geltokiak, abenduaren 10ean emakumezkoen pilotarentzat hain berezia den Zornotzako pilotalekuan finalak jokatu aurretik. Abenduaren 4ko finalaurrekoak Abadiñon eta abenduaren 10eko finalak zuzenean ikusi ahal izango dira ETB 1en eta EITB.eus atarian.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *